Capítulos
Permanent URI for this collectionhttps://pepa.une.es/handle/123456789/70440
Browse
Now showing 1 - 10 of 10
- Results Per Page
- Sort Options
- Adposizioa eta adposizio sintagmaGoenaga, Patxi; Fernández, BeatrizKapitulu honetan burutzat adposizioa ‘itsatsia’ duten sintagmak aurkeztuko ditugu. Ohiko gramatiketan postposizio sintagmak direla esaten da. Etxe horretan , zuregatik , eta holakoak [DS + adposizioa AdpS ] gisa osatuak dira: [[etxe hori ds ] -ta-n AdpS ]; [[zu-re- ds ] -gatik AdpS ]. Bi multzo bereiziko dira: leku-denborazkoak eta leku-denborazko ez direnak. a) Leku-denborazko adposizioen multzoa -n inesiboak, -tik ablatiboak, -ra / -raino / -rantz / -(ra)ko adlatiboak sartuko ditugu. Eskema honetan -ko adposizioari ere egingo diogu leku eta zer estatus duen ere eztabaidatuko dugu. Leku-denborazkoen multzoan kokatu behar dira, halaber, -ga - adposizioaren gainean eraikitakoak: ama-( ren )-ga-n , ama-( ren )-ga-n-dik , ama-( ren )-ga-n - di-ko… b) Leku-denborazko ez diren AdpSek burutzat honako beste adposizio hauek dituzte: -z instrumentala, -gatik kausazkoa, -kin soziatiboa eta -tzat (destinatiboa/ prolatiboa). Hemen ere, zenbaitetan, DSren eta adposizioaren artean genitiboaren marka agertuko zaigu: ama- ren -gatik, ama- ren -tzat, ama- re -kin ... Adposizio hauek DSri, itsatsiak ‘adposatuak’ ageri ohi dira sintagmaren azken osagaiari itsatsiak. Euskara hizkuntza eranskaria izaki, adposizioak elkarren gainean pila daitezke, gero eta AdpS konplexuagoak sortuz: [ etxe horr-e-ta- ra ] > [[ etxe horr-eta- ra ]- ino ] > [ etxe horr -eta- ra-ino-ko ] bezala, [ zure- ga-n ] > [zure- ga-n-a ] > [zure- ga-n-a-ino ] > [zure- ga-n-a-ino-ko ] > [zure- ga-n-a-ino-ko-tik ] … Genitiboa gorabehera, adposizioak bere lekuan segituko du sintagmaren buru gisa, eskuinaldean: amaren- ga-n , amare- ki-n … Etxea -n sintagman bezalaxe, hain zuzen . AdpS bakoitzean, sintagmaren osaeraz aparte, funtzio sintaktikoari eta esanahiari erreparatuko diogu. Adposizio ‘askeen’ bidez ( alde, artean , bidez, buruz, gainean, kontra, ondoan, zehar …) gauzatzen diren egitura konplexuagoetara iritsiko gara azkenean: gure etxearen ondo-an , gure aurre-ra …; zuri buru-z , mendian go-ra , itsasoan zehar … Hauek ere adposizioak direla aldarrikatuko dugu. Hemen ere leku-denborazkoak edo bestelakoak izan daitezke.
- PerpausaGoenaga, Patxi; Fernández, BeatrizPerpausa da gramatikaren aztergai nagusia. Azken batean, perpausak ‘sortzeko’ tresna bat da gramatika. Alde honetatik, hizkuntza perpaus multzo bat litzateke, azkenik gabea. Gramatikaren eginkizuna multzo azkengabe honetako perpausen berri ematea da, multzo honetakoak ez diren perpaus okerrak edo ez-gramatikalak albora utziz. Perpausa adizki batez ( erosiko nuke, etorriko naiz, goazen ... ) eta bere inguruan, hurbilago edo urrunago, kokatzen diren zenbait osagaiz eratua dago. Adizkiaren inguruko osagaiak askotarikoak izan daitezke: egiturazko kasua duten determinatzaile sintagmak izango ditugu batetik ( ni- k , liburu hau, deno- i ...), bestetik postposizio bat buru duten postposizo sintagmak ( denda- n , zure ondo ra , hemen dik , lagunen tzat ... ), mendeko perpausak ( zerbait erostera ...), izen predikatuak ( neska alaia ...)… etab. Adizki deitzen diegu inflexioa duten aditzei. Baina azken batean inflexio marka hauek aditzak ‘bere gain’ hartzen baditu ere, inflexio hori, egiazki, perpaus osoari dagokio. Horrenbestez, perpausaren ardatza inflexioa dela esan beharko genuke. Atal honetan perpausa nola egituratua dagoen erakutsiko dugu, osagaiak eite desberdinekoak baitira eta modu antolatuan kokatuak baitaude. Aurrerago aztertuko dira egitura horren xehetasunak.
- Egiturazko kasuakGoenaga, Patxi; Fernández, BeatrizPerpausak, eskuarki, aditzaz gainera, beste zenbait sintagma behar ditu aditzaren inguruan, direla Determinatzaile Sintagmak (DS-ak), direla Adposizio sintagmak (AdpS-ak), direla perpausak (P-ak). Osagai hauek predikatuarekin eta elkarren artean dituzten erlazioak marka jakin batzuen bidez egiten dira ageriko. Euskaraz marka hauek atzizki tankerakoak dira eta dagokien sintagmari itsatsiak joan ohi dira, sintagmaren eskuinaldean. Atzizki hauetako batzuk kasuak dira eta beste batzuk adposizioak. Badira, azkenik, konplementatzaileak. 1. Kasuak (hots, kasu gramatikalak; hemen egiturazko kasuak deituko diegu): Ø (absolutiboa), -i ( datiboa ), - k ( ergatiboa ) eta -en ( genitiboa ). 2. Adposizioak : - n, -tik, -ra, -raino, -rako, -kin, -gatik, -tzat, -z … Hauek morfema itsatsiak dira, ezkerrean ageri den hitzari itsatsirik ageri baitira. Ohiko adberbioak ere ( atzo, beti, bihar, gero, han, ia, inoiz, ongi, orduan …), adposizio izan ez arren, aurrekoen kide direla aldarrikatuko dugu. Eta orobat, arrunki adposiziotzat (edo batzuetan kokapen izentzat) hartzen direnak ere: gainean, gainera, kontra, ondoren, zehar … 3. Konplementatzaileak : -(e)n/-(e)la, bait-, ba- dira perpaus jokatuetan aurkituko ditugunak. Perpaus jokatugabeek, berriz, gainerako DS-ei zor zaizkien kasu marka eta adposizio berak erakutsiko dituzte: [… -t(z)ea - Ø ] (absolutiboa), [… -t(z)ea-ri ] (datiboa), [… -t(z)ea-k ] (ergatiboa), [… -t(z)e-an ] (inesiboa), [… -t(z)e-tik ] (ablatiboa), [… -t(z)e-ra (adlatiboa), edo [… -tua -Ø] (absolutiboa), [… -tua-ri ] (datiboa), [… -tua-k ] (ergatiboa), [… -tua-z ] (instrumentala) etab. Kapitulu honetan lau kasu gramatikalak aztertuko dira banan-banan: absolutiboa, datiboa, ergatiboa eta genitiboa. Morfologiatik abiatu eta sintagma bakoitzak zer funtzio sintaktiko izan dezakeen eta nolako adiera duen azalduko dugu.
- Adjektiboa eta adjektibo sintagmaGoenaga, Patxi; Fernández, BeatrizAdjektiboak ere bere kategoria nagusia, bere sintagma, islatzen du, izenak, aditzak eta abarrek bezalaxe. Adjektiboak islatzen duen sintagma adjektibo sintagma da. Bi kokagunetan aurkituko dugu adjektibo sintagma hau: a) batetik izen sintagmaren barnean du lekua, izenaren adjuntu gisa ( horko lore gorri hori; gazte kementsu bat ...) ; eta b) predikatu osagarri modura agertzea ere oso arrunta da ( gizon hura oso jatorra da; arrain hau ez dago ona ...) Lehenbizi, adjektiboaren morfologia zertxobait azalduko dugu. Ondoren, adjektiboa, sintagmaren buru delarik, zenbait adjuntuz eta osagarriz inguratuta agertzen da. Horiek aztertuko dira atal honetan. Bestalde, adjektibo bat baino gehiago ere ager daiteke sintagmaren barnean. Maila adierazten duten sintagmak eta perpausak ere aurkituko ditugu. Horrela, adjektibo sintagmaren barneko osagaien hurrenkera eta sintagma osoaren egitura zein izan daitekeen eztabaidatuko dugu.
- Zenbatzailea eta zenbatzaile sintagmaGoenaga, Patxi; Fernández, BeatrizDeterminatzaile sintagmaren osagaien artean zenbatzaileak ere ageri dira. Izan ere determinatzaile sintagmaren erreferentzia zehazteko orduan, zer ( txakur ) eta zein ( txakur hori , adibidez) zehazteaz gainera, zenbat d(ir)en zehaztea ere nahitaezko da ( bi txakur horiek ), zertaz mintzo garen ongi finkatua utzi behar bada. Zenbatzaileen lana zein den finkatu ostean, zenbat zenbatzaile klase ditugun ere zehazten saiatuko gara atal honetan eta zenbatzaileak sailkatzeko ahalegin bat egingo dugu. Batetik zenbatzaile zehaztuak eta zenbatzaile zehaztugabeak bereiziko ditugu eta hauen barnean ere behar diren sailkatzeak egingo dira. Arreta berezia eskainiko zaie zenbatzaile orokorrei . Bestalde, zenbatzaileez gainera mugatzaileak ere agertzen direnez, elkarren arteko konbinazioak aztertuko dira, zein diren zilegi eta zein ez. Neurri sintagmak ere hemen aztertuko dira. Azkenik, zenbatzaile sintagma dei daitekeen kategoria bat ere badela onartuko dugu eta sintagma horren kokagunea eta lana zein den azaltzen ahaleginduko gara.
- Aditza eta aditz sintagmaGoenaga, Patxi; Fernández, BeatrizAditz sintagma aditza buru duen egitura da. Buru honen inguruan ibiliko dira, osagarri nahiz adjuntu gisa, DS-ak, AdpS-ak, perpaus jokatuak nahiz jokatugabeak. AS bera, berriz, inflexioaren osagarritzat hartuko dugu, biek batera InflS osatzen dutelarik. Aditzak, buru den aldetik, bere osagarriak hautatzen ditu. Aditz batzuek mota bateko osagarriak hautatzen dituzte eta beste batzuek, beste batekoak. Horrela, zilegi da aditz iragankorrez (osagarria hautatzen dutenez, eman, ekarri , erosi, ... modukoez, alegia) eta iragangaitzez hitz egitea (osagarririk hautatzen ez dutenez, adibidez, erori, jaio, joan ...). Lehenbizikoei, bestalde, euskal hiztegietan, ohikoa da du motako aditz deitzea, aditz iragangaitzei da aditz deitzea eta datiboa eskatzen dutenei zaio eta dio aditz deitzea. Horien funtsa azalduko da atal honetan, bestelako terminologia bat erabilita bada ere. Aditz bakoitzaren inguruan biltzen diren osagaiek, argumentuek, sare bat osatzen dutela esan ohi da eta argumentu horietako bakoitzak errol tematiko jakinak ( egile errola, gai errola, hartzaile errola, instrumentua , helburua, iturburua ...) jasotzen dituztela. Hala ere, aditzaren inguruko osagai horiek ez dira mota berekoak ez maila berekoak. Batzuk aditzarekin hertsiki lotuak daude, beste batzuen lotura lasaiago da eta badira, halaber, predikatu baten argumentu barik, gertaera-argumentu baten predikatutzat hartzen direnak, zenbait hizkuntzalariren arabera. Kontu hauen azalpen labur bat ere eskainiko da.
- Izena eta izen sintagmaGoenaga, Patxi; Fernández, BeatrizIzena buru duen sintagmari deitzen diogu izen sintagma . Oinarrizko egitura dugu hau. Izenak, buru den aldetik bere osagarriak eta adjunktuak izango ditu, modu jakinean egituratuak. Kapitulu honetan, izen motak bereiziko dira lehenbizi, bai morfologiaren aldetik eta bai adieraren eta onartzen dituzten testuinguruen arabera. Ondoren, izenak bere inguruan dituen osagaiekin batera zer nolako egiturak osatzen dituen aztertuko dugu. Izenaren osagarriak bereiziko dira alde batetik, hots, izenak berak hautatzen dituenak. Bestetik, adjuntuak izangoditugu: adjektibo sintagmak, perpaus erlatiboak eta adposizio sintagmak izango dira.
- Aditz jokatua eta aditz jokoaGoenaga, Patxi; Fernández, BeatrizPerpausak behar beharrezko du aditza deitzen dugun osagai bat (aditza baino gehiago inflexioa). Baina aditz hau forma jakin batean agertu ohi zaigu perpausean, jokatua alegia. Hizkuntzalariek diote inflexioa dela perpausaren burua. Hemen biltzen dira perpausean ditugun hainbat osagai, direla kasu sintagmak, komunztaduraren bidez, dela denbora, modu eta aspektuari dagokion informazioa. Gauzak horrela aurkeztuta, inflexioa bada perpausaren burua, buru honek, osagarri gisa, beste atal batzuk hartuko ditu, bereziki aditz sintagma deitzen duguna. Honen ardatza aditza bera izango da. Horrenbestez, perpausaren osaera, joskera, aztertu nahi badugu, bidezko dirudi, burutik hastea gure azterketa. Hala egingo dugu hemen ere. Hortaz, atal honetan perpausaren burua den inflexioaren berri emango dugu, aditz jokoa, funtsean. Adizki trinkoen (jokabiderako aditz laguntzailerik behar ez dutenen) osaera aztertuko dugu lehenbizi eta, ondoren, adizki perifrastikoena (aditz laguntzailea behar dutenena). Formetatik abiatuko gara eta, ondoren, forma hauetako bakoitzaren balioa edo esanahia zein izan daitekeen azaltzeko ahalegina ere egingo dugu.
- Izen predikatuaGoenaga, Patxi; Fernández, BeatrizPerpausa aditzaz eta honen inguruko zenbait osagaiz taxututako egitura bat da. Baina aditzen artean bi mota nagusi bereizten dira: a) Aditz predikatiboak . Eduki semantiko betea dute, berak dira predikazioaren gune nagusi. Argumentuz inguratuak agertzen dira eta denak batera, funtzio proposizional bat osatzen dute: aitak amari gona gorria ekarri dio bezalakoak. b) Lotura aditzak . Bestelako aditz batzuk dira, perpausa osatzeko nahitaezko direnak, baina, berez, oso eduki semantiko gutxi dutenak. Hauen lana, funtsean, aditz ez diren bestelako predikatu batzuei bide ematea da. Gona oso polita da diogunean, da adizkiak ez du eduki handirik. Ez du, adibidez, Gerra bada perpausean duena hainbatekoa. Perpausean, hala ere, pisu handiena duena oso polita predikatua da. Hau adjektibo sintagma bat da, baina subjektu bati buruz predikatu ahal izateko eta horrela perpausa osatzeko, aditz baten premia dago, izan -ena, hain zuzen. Izan/egon bezalako aditzei lotura aditz edo aditz kopulatibo deitzen diegu eta subjektu baten eta aditzezko ez den predikatu baten arteko lotura gauzatzea da beren lana. c) Eta badira beste perpaus batzuk non ‘bigarren mailako predikazioa’ egiten den. Holakoetan bere eduki propioa duen aditz bat izango dugu: ikusi , adibidez ( Anek Jon ikusten du ). Hemen perpaus osoa dugu, predikazioa ere osoa da. Baina predikazio oso honetan beste bigarren predikazio bat ere txerta dezakegu. Adibidez: Anek Jon ondo ikusten du. Hemen, lehenaz gain, ondo predikatua txertatu dugu. Honen interpretazioa bi modutakoa izango litzateke, hala ere: bata arrunta, non Anek Jon ikustea nolakoa den esaten zaigun, Anek Jon ikusteko ikusmen arazorik ez duela adieraziz bezala. Baina ondo hori perpauseko objektuari ere egotz dakioke. Honako honen antzeko zerbait esango bagenu bezala: Anek Jon ikusten du eta Jon ondo dago. Hemen kontua ez da Aneren ikusmena nolakoa den, baizik Jonen egoera zein den. Holako esamoldeak ditu aztergai atal honek.
- Determinatzailea eta determinatzaile sintagmaGoenaga, Patxi; Fernández, BeatrizPerpausean, aditza inguratuz, izen sintagmak, adpsizio sintagmak, predikatu osagarriak eta perpausak izan daitezkeela esana dugu. Atal honetan, orain arte izen sintagmatzat hartzera ohituak gauden sintagmak bestelako egiturak direla aldarrikatuko dugu, Determinatzaile sintagmak , alegia. Determinatzailea buru baitute. Lehenbizi saiatuko gara argudiatzen zergatik DS eta ez, ia oraintsu arte esan izan den bezala, IS soila. IS baino zerbait gehiago da DS: DS-ren barneko osagaia da IS. DS-ren ardatza edo burua D(eterminatzailea) dela onartuko dugu. Mota desberdinetako elementuek osatua dago determinatzaileen multzoa: artikulua, erakusleak, zenbatzaileak, izenordainak eta abar. Determinatzaile honek ‘koroatzen’ du nolabait izenaren inguruan eraikitzen den sintagma hori, ohiko izen sintagma alegia. Erabat garatutako sintagma hau determinatzaile sintagmatzat hartuko dugu. Sintagma honen burua, ohiko eskemari jarraituz, determinatzailea da. Atal honetan determinatzaileen multzo ugaria aurkeztuko dugu lehenbizi. Ondoren, Determinatzaile Sintagma bera aurkeztuko dugu, bere osotasunean. Hots: atal honetan, jadanik aurkeztuak ditugun osagaiei (izen sintagmari, adjektibo sintagmari eta zenbatzaile sintagmari), beste bat gehituko diegu: determinatzaile sintagma. Honen burua, determinatzailea izango da.



